XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BUSTIDUREN ORTOGRAFIAZ

Bergara, 1978-IX-6 Sarasola, Ibon.

1.1. Askoren ustez ortografiaren helburua, hizkuntza bateko hotsen eta hots horiek adierazteko zeinuen artean erlazio biuniboko bat ezartzea da.

Uste honen arabera, hots bakoitzak zeinu bakar bat izan behar luke adierazgarritzat eta, alderantziz, zeinu bakoitza hizkuntzako hots bakoitzaren adierazgarri bakarra izan behar luke.

Aski da edozein hizkuntza azaletik aztertzea ortografiaren helburua ez bide dela hori ohartzeko: izan ere, delako erlazio biuniboko hori ez da ezein hizkuntzaren ortografi sisteman gertatzen.

Are gehiago ba dirudi biunibokotasun hori lortzea hizkuntzalaritzari, hots, hizkuntzaren zientziari, interesatzen zaiola soilik, eta zientzia den aldetik bakarrik.

Horrela, biunibokotasun hori ezartzen duten idazkera fonetiko eta fonologikoak ez dira zientzi mailatik at erabiltzen: ez da munduan idatz-tradizioren bat duen hizkuntzarik idazkera fonetiko ez fonologikorik erabiltzen duenik.

Gertakari honen arrazoiak argi daude.

Lehenik, idazkera fonetikoa eta are fonologikoa zehatzegiak dira ortografiaren helbururako (azken funtsean, hiztunen izkribuzko elkarkomunikabideetarako tresna egoki eta onurakorra izatea).

Bigarrenik, hizkuntzak (eta beraz, hizkuntzen hotsak) aldatuz doaz eta, noski, ortografiaren lehen abantaila aldagaiztasunean datza: puntu gutxi eta axola txikiko batzuetan ezik, hizkuntza ororen ortografla, normaltasunera heltzen denez gero, aldagaitz dirau delako hizkuntzaren aldaketa fonetiko eta fonologikoen gorabehere.

Ortografia aldakor bat, definizioz, kontraesanik larriena litzateke, gogoan eduki behar baita ortografia hizkuntz arazoa baino areago kultur arazoa dela.